XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

- Eta hona ebaki zuen zuzendariak esaera gisa zorionaren eta bertutearen maratila: nork zer behar duen egin, huraxe maite ukan.

Egokimendu guztiek hauxe lortu nahi dute, alegia, nork bere derrigorreko destino soziala maite dezala.

Bi tunel artean, erizain bat ari zen xiringa luze eta fin bat sartzen aurrerantz zihoan lingirda ontzikada batean.

Ikasle eta gidari adi adi egon zitzaizkion apur batean.

- Ederki, Lenina, - esan zuen Mr. Fosterrek, eta Leninak xiringa atera zuen eta tende jarri zen.

Neskatila ikaraturik bihurtu zen.

Zerabilan lupus maskara eta zituen begi gorritu eta guzti ere, bistan zedukan paregabea zela ederrez.

- Henry! - erantzun zion berak ere, eta irriparre bat, gorria hau ere, bidali zion, hortz hilara gorri bat erakusten zuela.

- Neskatila xoragarria benetan - marmartu zuen zuzendariak.

Eta xaflada bat edo bi emanik, gizalegezko irriparre bat irabazi zuen ordainez.

- Zer damaiezu? - galdetu zuen Mr. Fosterrek, hitzei profesio aire zorrotza ezarririk.

- Betikoa: tifusa eta lo-eria.

- 150garren metroan hasten da tropikorako langileen eztiketa - azaldu zien Mr. Fosterrek ikasleei.

Enbrioiak zakazdun dira oraindik.

Geroko gizonaren eritasun guztien aurka inmunitzen dugu arraina.